jueves, 8 de diciembre de 2011

Terapiak animaliekin

Aurreko sarrerarekin lotuta, animaliak arazoak dituzten umeekin (besteak beste) terapiak egiteko askotan erabiltzen dira. Normalean, txakurrak izaten dira kasu hauetan erabilitako animaliak, baina beste asko ere erabil daitezke: katuak, zaldiak, izurdeak, eta abar.

Horretarako, animaliak ondo prestatua egon behar dira eta beti pertsona espezializatu baten kontrolpean. Baina hurrengo programan ikus dezakegun moduan, asko dira terapia mota hauetan lortzen diren abantailak eta gaur egun gero eta gehiago erabiltzen ari dira Zentro Espezializatuetan.

Hona hemen honi buruzko dokumental oso interesgarria:


Ez utzi ikusteari. Gauza asko ikusi eta ikasten baitira bertan!

Umeen eta animalien arteko harremanak

Askotan ikusi ditugu eskoletan edo geletan umeek maskota bat izaten dutela. Kasu batzuetan fikziozkoa izan ohi da, baina beste kasuetan benetako animaliak izaten dira. Umeek izena ipini eta zaintzan laguntzen dute.



Guraso batzuk kezkatuta agertzen dira maskota bat gelan dagoenean, agian umeari hoska egin diezaioketelako edo gaixotasunen bat transmititu. Baina konturatzen bagara, abantaila gehiago dago desabantailak baino.

Horrela, umeek zerbaitenganako erantzunkizuna garatzen dute eta euren arteko erlazio eta harremanetan ere laguntzen du. Adibidez, arazoak dituzten umeak maskotetan lagun onak aurkitzen dituzte eta beste umeengana hurbiltzeko aukera bat izaten da. (Autistak diren umeak, oso harreman onak garatzen dituzte animaliekin). Bestalde, zaintzan laguntzen dute eta horrela eginbeharren erantzunkizuna ikasten dute. Gainera, maitasuna garatzen da animaliengan eta eurenganako errespetua lantzen ere ikas dezakete maskoten bitartez.

Umeen autoestimuan ere eragina izaten dute. Umeak zerbaiten erantzukizun sentitzeak nagusitasun sentipen bat sortzen dio eta gai ikusten dira gauza gehiago egiteko laguntza eskatu gabe. Komunikazioaren garapenean laguntzen dute. Batik bat, ahozko ez komunikazioan eta enpatiari dagokionez sekulako arrakasta izaten dute.

Azkenik, bizitzari buruzko ikasgai asko erakusten dizkie: jaiotza, gaixotasunak, istripuak, heriotza eta dolua. Eta kasu hauek, euren bizitza pertsonalera eramaten dituzte. Horrela, familian gertatutako antzeko egoerak hobeto eramaten ikasten dute eta euren sentimenduak espresatzen eta laguntza eskatzen.

Beraz, alergiaren bat ez baldin badaukate, oso gomendagarria da eskolan, nahiz etxean animaliak edukitzea. Abantailak oso handiak direla egiaztatuta baitago.




Ezetzaren etapa

Denok dakigunez edo bizi izan dugunez, badago umeen garapenean etapa bat non "ezetz" baino ez dakite esan. Etapa hau bi urte inguru dituztenean hasten da eta eta bi urte eta erdietan aldera (batzuetan 3 urterekin) desagertzen da.

Adina honekin umeak bere buruaz konziente izaten hasten da eta autonomia garatzeko grina da "ezetz" esaten bultzatzen diona. Horrela, askotan guraso edota irakasleok pentsa dezakegu umeak ez duela nahi zeozer egin edota agindu betetzerako orduan gugaz barre egiten dutela. Baina ezin gara tranpa horretan jausi eta pixkat zuhur izan behar gara egoera honetan jokatzen.

Gauza pilo bat egitera bultzatzen baditugu, kontrako efektua lor dezakegu eta euren autonomiaren garapenean arazo bat sortarazi dezakegu. Horregatik, autoritatea mantentzen ikasi behar dugu, baina inoiz ez bere autonomiaren garapena saihestuz, baizik eta honekin jolastuz. Adibidez, umeak alkandora jantzi nahi ez badu, errieta egin ordez, beste norbaiti ipintzen saia gaitezke (hartzatxo txikiari) eta umeak hori ikustean, ziuraski, protagonista bihurtu nahi izango da eta berak bakarrik ipiniko du alkandora.

Pazientzia da irakasleok eta gurasoak landu behar dutena etapa honetan. Egile askorentzat etapa hau "lehenengo pubertaroa" deitu izan diote. Oso garrantzitsua da erabiliko ditugun teknikak argi izatea eta inoiz ez hortik ateratzea. Askotan, umearekin negoziatzen saia gaitezke eta horretarako, aurreko sarreretan aipatu ditugun errefortzuak erabili. Inoiz ez dugu errieta egin behar edo zigorra erabili, kasu hauetan, jarrera soilik errefortzatzen baitugu eta kontrako efektua lortzen dugu eta.

Honen adibide bat hurrengo bideoan ikus dezakegu. Nahiz eta gurasoek joku moduan edo bideo grabatu, argi ikusten da umeak esaten dioten guztiari ezetz esaten duela, esandakoaren benetako zentzua ulertu gabe.


Esan beharra dago, orain dela gutxi, auto baten iragarki bat egiteko erabili dela bideo hau telebistan.

martes, 29 de noviembre de 2011

Alderantzizko psikologia

Alderantzizko psikologiari buruz hitz egiten dugunean, teknika konduktista bati buruz hitz egiten dugu. Teknika honen bidez pertsona bati nahi ez duen zerbait egiteko irrika sortarazten diogu, benetan egin nahi duela pentsa dezan. Honen lorpena erresistentzia psikologikoari zor diogu, hau da, zerbait inposatzen gaituztenean egiteari erresistentzia egiten diogunean.

Nahiz eta teknika hau umeekin zein nagusiekin funtzionatzen duen, normalean umeekin erabiltzea errazagoa izaten da. Horrela, ume bati zerbait ez egiteko esaten diogunean, normala izan ohi da gauza hori egin nahi izateak. Azaldutakoaren adibide argi bat hurrengo bideoan aurkitzen dugu:


Bideo honetan umeak kotxez joan nahi du buelta bat ematera, baina aitak oinez joan behar direla esaten dio. Umeak kotxez joateko irrikan dago eta behin eta berriro errepikatzen du bere grina. Horrela, bai eta ez lehiaketan hasita, aitak momentua aprobetxatzen du alderantzizko psikologia erabiltzeko. Azkenean, umeak oinez joatea onartzen du, kotxez joan nahi zuela ahaztuz eta bere nahia oinez joatea zela pentsatuz. Hau da, umeak konturatu gabe oinez joatea lortzen du aitak.

Horrelako beste adibide bat eskolara joateko orduan ager liteke. Umeak eskolara joan nahi ez duela esan eta aitak, orduan bere ordez anaia txikiak joango dela esaterakoan, orduan umeak bera joan nahi duela esango du, eskolara joatea dibertigarria delaren pentsamenduan.

Esan dudan moduan, teknika hau nagusiekin ere erabil daiteke. Horrela, nik sarrera honetan ez irakurtzeko ipintzen badut, ziur nago gehienok irakurriko duzuela zer idatzi dudan jakiteko grinan. Zerbait debekatuta dugunean, irrika gehiago sortarazten baitzaigu debekatuta dagoen hori egiten badugu, zer gertatu ote daitekeen jakiteko.


sábado, 26 de noviembre de 2011

Umeen jarrera eta irakasleen eginbeharra

Aurreko bi sarreretan landutako gaiarekin lotuaz, umeen jokabideei buruz eta gure (irakasleen) eginbeharrari buruzko sarreratxo bat egitea bururatu zait.

Lehen azaldu dudanez, argi dago umeen pertsonalitatea eta jarrera herentziarekin lotua ez ezik, ingurugiroaren arabera ere garatzen eta moldatzen dela. Horrela, bere inguruan dauden pertsonak eta hauen jarrerak umeen jokabideak ere baldintzatzen dituzte. 

Beraz, kontuz ibili behar gara irakasleok baieztapen onekin. Gure lana ez da bakarrik gelan edo eskola barruan eman behar, kalean ere eman daiteke. Umeentzat ereduak gara eta guk egiten eta esaten duguna asko baldintzatzen du euren jarrera. Konturatzen ez bagara ere, izan daiteke kaletik ikustea eta gure jarrera eredutzat hartzea. Askotan ez gara konturatzen gure ikasleek gure zain daudela, zer egiten edo esaten dugun ikusteko eta ikasteko prest. Horregatik, argi izan behar dugu gure lana ez dela eskolara mugatzen eta kalean ere ereduak garela gure ikasleentzat (eskolarako bidean, parkean, dendetan, eta abar).


Umeak belakien antzera direla konturarazteko eta guk egindakoa imitatzen dutela argi ikusteko, bideo hau ipini nahi dizuet. Ez ditut honen inguruko komentariorik egingo, ez direla behar uste bait dut. "Umeek ikusten dutena, umeek egiten dute" (Children see, children do).



Errefortzuak

Aurreko sarreran egindako azalpenari adibide argi bat emateko, bideo baten bidez errefortzu positiboa eta negatiboa azalduko ditut.


Bideo honetan ikus dezakegun moduan, errefortzu positiboaren eta negatiboaren adibide argi bat dago. 

Errefortzu positiboa umearentzat ematen da. Umeak badaki iskanbila sortuz aitak goxokiak erosiko dizkiola, agian beste batean horrela lortu duelako. Beraz, aitak goxokiak erosten badizkio, umearen jarrera txarra (iskanbila) errefortzatzen ari da, horrela goxokiak lortzen dituela ikasiko duelako umeak.

Errefortzu negatiboa, berriz, aitak jasotzen du. Aitaren nahia umeak isiltzea da eta jarrera hori (iskanbila) ekiditzeko, goxokiak erosten dizkio. Horrela aitak, gustatzen ez zaion zerbait (iskanbila) desagertzea lortuko du eta hurrengo baten berdin jokatuko du ondorio berdina lortzeko.

Konduktismoa

Hezkuntzaren psikologiaren barnean teoria desberdinak aurkitzen ditugu. Horietako bat konduktismoa da. Honen aintzindari bat Skinner psikologoa dugu.

Baina gure jarrera ulertzeko, lehenengo eta behin pertsonalitatea zer den ulertu behar dugu. Gure pertsonalitatea bizitzan zehar garatzen eta aldatzen da eta ingurugiroaren eta gure herentzia genetikoaren emaitza dela esan dezakegu. Pertsonalitatea indibiduala eta soziala izaten da. Batetik, indibiduala pertsona bakoitza munduan bakarra delako; bestetik, soziala egiten ditugun ekintzei buruz kontzienteak garelako eta gure inguruko pertsonekin harremanak izaterakoan gure pertsonalitatea baldintzatzen dugulako.

Horrela, konduktismoarentzako gure esperientzietatik ikasten dugu eta hauek gure jarrera eta izaera baldintzatzen dute. Gure jokabideak baldintzatzeko orduan, errefortzuak hartzen dute parte. Gure pertsonalitateak ingurugiroan ez ditu aukera askeak sortzen, estimuluen bidez mugitzen baita. Horrela, zerbait ondo egiten dugunean, laudorioak jasoko ditugu eta kontrako kasuetan, zigorra jasoko dugu eta errua sortaraziko digu.

Skinner-en ustez, laudorioa eta errua irrazionalak dira eta hori dela eta, ez dago duintasunaren askatasunik, gure ingurugiroaz baldintzatuta gaudelako. Jokatzen dugu arrazoi batzuengatik, inguruan zerbait gertatzen da eta horragatik sentitzen eta pentsatzen dugu modu batean edo beste batean.

Horrela, errefortzu eta zigorren arabera jokatzen dugu eta hauek positiboak ala negatiboak izan daitezke.
Errefortzu positiboa, zerbait ondo egiten dugunean jasotzen dugun sari positiboari deritzo. Esaterako, etxerako lanak ondo egiterakoan laudorioa jasotzen dugunean.
Errefortzu negatiboaren kasuan, zerbait ondo egiterakoan gustatzen ez zaigun zerbait kentzen digutenean ematen da. Adibidez, azterketa gainditu dudanez, gaur etxerako lan gutxiago egin behar ditut.

Zigorrei buruz hitz egiten dugunean gauza bera pasatzen da.
Zigorra positiboa denean, zerbait txarto egiterakoan gustatzen ez zaidan zerbait jasoko dut. Adibidez, klasean hitz egiten nagoenez, biharko kopiak egin beharko ditut.
Zigorra negatiboan, berriz, zerbait txarto egiten dudanean gustatzen zaidan zerbait kenduko didate. Esaterako, etxerako lanak ez ditudanez egin, gaur ez naiz parkera joango.

Aipaturiko kasu guztietan umearen pertsonalitatea moldatzen ari gara, bere jarrera baldintzatuz sarien eta zigorren bidez. Dena den, esan beharra dago normalean zigorrak gehiago erabiltzen ditugun arren, askoz ere positiboagoa izaten dela errefortzuen bidez jokatzea. Honen adibide argia, supernanny programa izango litzateke, non puntuen eta errefortzuen bidez umeen jarrera moldatzen saiatzen den.