martes, 29 de noviembre de 2011

Alderantzizko psikologia

Alderantzizko psikologiari buruz hitz egiten dugunean, teknika konduktista bati buruz hitz egiten dugu. Teknika honen bidez pertsona bati nahi ez duen zerbait egiteko irrika sortarazten diogu, benetan egin nahi duela pentsa dezan. Honen lorpena erresistentzia psikologikoari zor diogu, hau da, zerbait inposatzen gaituztenean egiteari erresistentzia egiten diogunean.

Nahiz eta teknika hau umeekin zein nagusiekin funtzionatzen duen, normalean umeekin erabiltzea errazagoa izaten da. Horrela, ume bati zerbait ez egiteko esaten diogunean, normala izan ohi da gauza hori egin nahi izateak. Azaldutakoaren adibide argi bat hurrengo bideoan aurkitzen dugu:


Bideo honetan umeak kotxez joan nahi du buelta bat ematera, baina aitak oinez joan behar direla esaten dio. Umeak kotxez joateko irrikan dago eta behin eta berriro errepikatzen du bere grina. Horrela, bai eta ez lehiaketan hasita, aitak momentua aprobetxatzen du alderantzizko psikologia erabiltzeko. Azkenean, umeak oinez joatea onartzen du, kotxez joan nahi zuela ahaztuz eta bere nahia oinez joatea zela pentsatuz. Hau da, umeak konturatu gabe oinez joatea lortzen du aitak.

Horrelako beste adibide bat eskolara joateko orduan ager liteke. Umeak eskolara joan nahi ez duela esan eta aitak, orduan bere ordez anaia txikiak joango dela esaterakoan, orduan umeak bera joan nahi duela esango du, eskolara joatea dibertigarria delaren pentsamenduan.

Esan dudan moduan, teknika hau nagusiekin ere erabil daiteke. Horrela, nik sarrera honetan ez irakurtzeko ipintzen badut, ziur nago gehienok irakurriko duzuela zer idatzi dudan jakiteko grinan. Zerbait debekatuta dugunean, irrika gehiago sortarazten baitzaigu debekatuta dagoen hori egiten badugu, zer gertatu ote daitekeen jakiteko.


sábado, 26 de noviembre de 2011

Umeen jarrera eta irakasleen eginbeharra

Aurreko bi sarreretan landutako gaiarekin lotuaz, umeen jokabideei buruz eta gure (irakasleen) eginbeharrari buruzko sarreratxo bat egitea bururatu zait.

Lehen azaldu dudanez, argi dago umeen pertsonalitatea eta jarrera herentziarekin lotua ez ezik, ingurugiroaren arabera ere garatzen eta moldatzen dela. Horrela, bere inguruan dauden pertsonak eta hauen jarrerak umeen jokabideak ere baldintzatzen dituzte. 

Beraz, kontuz ibili behar gara irakasleok baieztapen onekin. Gure lana ez da bakarrik gelan edo eskola barruan eman behar, kalean ere eman daiteke. Umeentzat ereduak gara eta guk egiten eta esaten duguna asko baldintzatzen du euren jarrera. Konturatzen ez bagara ere, izan daiteke kaletik ikustea eta gure jarrera eredutzat hartzea. Askotan ez gara konturatzen gure ikasleek gure zain daudela, zer egiten edo esaten dugun ikusteko eta ikasteko prest. Horregatik, argi izan behar dugu gure lana ez dela eskolara mugatzen eta kalean ere ereduak garela gure ikasleentzat (eskolarako bidean, parkean, dendetan, eta abar).


Umeak belakien antzera direla konturarazteko eta guk egindakoa imitatzen dutela argi ikusteko, bideo hau ipini nahi dizuet. Ez ditut honen inguruko komentariorik egingo, ez direla behar uste bait dut. "Umeek ikusten dutena, umeek egiten dute" (Children see, children do).



Errefortzuak

Aurreko sarreran egindako azalpenari adibide argi bat emateko, bideo baten bidez errefortzu positiboa eta negatiboa azalduko ditut.


Bideo honetan ikus dezakegun moduan, errefortzu positiboaren eta negatiboaren adibide argi bat dago. 

Errefortzu positiboa umearentzat ematen da. Umeak badaki iskanbila sortuz aitak goxokiak erosiko dizkiola, agian beste batean horrela lortu duelako. Beraz, aitak goxokiak erosten badizkio, umearen jarrera txarra (iskanbila) errefortzatzen ari da, horrela goxokiak lortzen dituela ikasiko duelako umeak.

Errefortzu negatiboa, berriz, aitak jasotzen du. Aitaren nahia umeak isiltzea da eta jarrera hori (iskanbila) ekiditzeko, goxokiak erosten dizkio. Horrela aitak, gustatzen ez zaion zerbait (iskanbila) desagertzea lortuko du eta hurrengo baten berdin jokatuko du ondorio berdina lortzeko.

Konduktismoa

Hezkuntzaren psikologiaren barnean teoria desberdinak aurkitzen ditugu. Horietako bat konduktismoa da. Honen aintzindari bat Skinner psikologoa dugu.

Baina gure jarrera ulertzeko, lehenengo eta behin pertsonalitatea zer den ulertu behar dugu. Gure pertsonalitatea bizitzan zehar garatzen eta aldatzen da eta ingurugiroaren eta gure herentzia genetikoaren emaitza dela esan dezakegu. Pertsonalitatea indibiduala eta soziala izaten da. Batetik, indibiduala pertsona bakoitza munduan bakarra delako; bestetik, soziala egiten ditugun ekintzei buruz kontzienteak garelako eta gure inguruko pertsonekin harremanak izaterakoan gure pertsonalitatea baldintzatzen dugulako.

Horrela, konduktismoarentzako gure esperientzietatik ikasten dugu eta hauek gure jarrera eta izaera baldintzatzen dute. Gure jokabideak baldintzatzeko orduan, errefortzuak hartzen dute parte. Gure pertsonalitateak ingurugiroan ez ditu aukera askeak sortzen, estimuluen bidez mugitzen baita. Horrela, zerbait ondo egiten dugunean, laudorioak jasoko ditugu eta kontrako kasuetan, zigorra jasoko dugu eta errua sortaraziko digu.

Skinner-en ustez, laudorioa eta errua irrazionalak dira eta hori dela eta, ez dago duintasunaren askatasunik, gure ingurugiroaz baldintzatuta gaudelako. Jokatzen dugu arrazoi batzuengatik, inguruan zerbait gertatzen da eta horragatik sentitzen eta pentsatzen dugu modu batean edo beste batean.

Horrela, errefortzu eta zigorren arabera jokatzen dugu eta hauek positiboak ala negatiboak izan daitezke.
Errefortzu positiboa, zerbait ondo egiten dugunean jasotzen dugun sari positiboari deritzo. Esaterako, etxerako lanak ondo egiterakoan laudorioa jasotzen dugunean.
Errefortzu negatiboaren kasuan, zerbait ondo egiterakoan gustatzen ez zaigun zerbait kentzen digutenean ematen da. Adibidez, azterketa gainditu dudanez, gaur etxerako lan gutxiago egin behar ditut.

Zigorrei buruz hitz egiten dugunean gauza bera pasatzen da.
Zigorra positiboa denean, zerbait txarto egiterakoan gustatzen ez zaidan zerbait jasoko dut. Adibidez, klasean hitz egiten nagoenez, biharko kopiak egin beharko ditut.
Zigorra negatiboan, berriz, zerbait txarto egiten dudanean gustatzen zaidan zerbait kenduko didate. Esaterako, etxerako lanak ez ditudanez egin, gaur ez naiz parkera joango.

Aipaturiko kasu guztietan umearen pertsonalitatea moldatzen ari gara, bere jarrera baldintzatuz sarien eta zigorren bidez. Dena den, esan beharra dago normalean zigorrak gehiago erabiltzen ditugun arren, askoz ere positiboagoa izaten dela errefortzuen bidez jokatzea. Honen adibide argia, supernanny programa izango litzateke, non puntuen eta errefortzuen bidez umeen jarrera moldatzen saiatzen den.


martes, 15 de noviembre de 2011

PSIKOMOTRIZITATEA HEZKUNTZAN

Aurreko gaiarekin lotua (irakurketa eta honen arazoak) eta egia ez badirudi ere, psikomotrizitatea eragin handia du haurren hezkuntzan.

Psikomotrizitatearen bidez haurren garapen fisikoa ematen da eta horrek idazmenari, esaterako, lagun dezake. Nola izan daiteke hori? Jaiotzetik gure artikulazioak pixkanaka-pixkanaka garatzen hasten dira, baina ez ditugu guztiz garatzen handiagoak garen arte. Horregatik txikiak garenean gauza zehatz batzuk egiteko zailtasun handiagoak izaten ditugu. Adibidez, marrazteko.

 Hasieran, umeek marrak bakarrik marrazten dituzte, ziriborroen antzerakoak. Urteak igaro ahala, gero eta hobeto marrazten hasten dira eta hori garapen fisikoa dela eta ematen da. Horregatik da hain garrantzitsua psikomotrizitatea.

Hezkuntzan ere gero eta hedatuagoa dago psikomotrizitatearen erabilera. Haur Hezkuntzako maila guztietan eta Lehen Hezkuntza lehenengo zikloan erabiltzen hasi da orain dela urte batzuk hona.

Psikomotrizitatea haurraren eboluzioa bideratzeko eta hezitzeko bidea ere bada. Jolasen bitartez haurraren heltze psikologikoa lagundu egiten du eta haurrari segurtasun prozesuak eskaintzen dizkio.

Honen aintzindaria Dupré izan zen 1970. urtean. Gaur egun, psikomotrizitatearen lanketan oso garrantzitsua den irakasle bat Bernard Aucouturier dugu.

IRAKURKETA ARAZOAK ETA OVIDE DECROLY

Gaur egun ume asko irakurketa arazoak dituztela esan ohi da. Batzuk dislexia dutela, beste batzuk oso motel irakurtzen dutela, eta abar. Baina non dago benetako arazoa? 

Teknologiaren gizartean bizi garenetik gero eta gehiago erabiltzen dira teknologia berriak: jolasteko, telebista ikusteko, informazioa biltzeko, lan egiteko, hitz egiteko, irakurtzeko, ... Baina honek ere paperaren erabileraren gainbehera ekarri du. Egunkariak interneten bidez irakurtzen ditugu egunero, lagunekin ere ordenagailu eta mugikorren bidez hitz egiten eta komunikatzen gara. Hori dela eta, gaur egungo umeek ez dute lehen bezain asko irakurtzen. Ez dituzte liburutegiak erabiltzen, ezta liburuak irakurtzen ere. Hauen erabilera gero eta gutxiago ematen da Lehen Hezkuntzan.

Nire ustez, teknologia berriak eskaintzen dituzten gauzak askoz ere erakargarriagoak direlako ematen da hau. Liburuekin konparatuz, mugimenduzko irudiak eskaintzen dituzte, bideoak ikus daitezke, komunikazio askea eta errazagoa da. Beraz, hau litzateke gure eginbeharra: umeei liburuak irakurtzeak erakargarriagoa eta interesgarriagoa bihurtzea. Eta nola egin dezakegu hori?

Haurrak oso goiz hasten dira irakurtzen ikasten eskolan, baina aurretik ere idatzitako baliabideekin harreman zuzena garatzen dute. Bere gurasoek irakurtzen duten liburua, egunkaria, aldizkaria ikusten dute. Kaletik ematen den publizitatea ikusten dute, telebistan bertan ere iragarkietan agertzen diren hitzak ikusten dituzte.

Hortik abiatuz, hitzak eta irudiak erlazionatzen hasten dira. Horrela, behi baten irudia ikustean, horren azpian "Milka" hitza irakurtzen badute, behia "Milka" moduan idazten dela pentsatuko dute. 



Hau modu positibo batean lantzeko, Ovide Decroly-ren metodoa erabil genezake. 

Ovide Decroly (1871-1932) pedagogo eta hezitzale belgikarra izan zen. Irakurmena eta hezkuntzaren globalizazioko metodoak adierazi zituen. Hori dela eta, gaur egungo pedagogian bere lanak garrantzi handia lortu du. Bere proiektuak eskola umera hurbiltzean oinarritu ziren eta ez umea eskolara moldatzean.

Berarentzat, hezkuntzak umearen originaltasuna mantendu behar zuen, gazte belaunaldiek, integrazioa lortu behar zuten gizarte ingurunean, zeren, gizarte objektu bat ezin da lortu, gizabanakoa kontuan izaten ez badugu. Arlo honetan, Decrolyk uste zuen umearen beharrak asetu behar zirela eta ondorioz erantzunak eskolatik erakarriak izan behar zirela. Hezkuntza moldatu behar zen, umearen garapen fisiko eta mentalera eta horrela bizi behar zen gizarte-ingurunerako prestakuntza bat lortzeko bizi ahal izateko.
Bere obren artean, aipatzekoak dira "Irakurketaren psikologia" liburua non haurrek idatzizko lengoaia betiko metodoen bidez baino modu naturalago baten barneratzen zutenari buruzko ikerketa zehatzak egin zituen. Eta "Irakurketaren pedagogia" obran haurrek irakurketa testuak bere bizitza afektiboarekin erlazionatzeko aukera garatzen dute.

Hemen ditugu irakurketa lantzeko zenbait tailer, 0-8 urte bitarteko umeekin lantzekoak.




martes, 8 de noviembre de 2011

Maria Montessori

 

Psikiatra eta pedagogo italiarra, 1870an Chiaravallen jaio zen. Erromako Erret Unibertsitatean 1896an diplomatua zen eta lehen emakume sendagile bihurtu zen Italian. Geroago, Filosofian eta Natur Zientzietan ere lizentziatu zen.

Garai hartako Italiako gizarteak sexuarekiko zuen jarreraren ondorioz, ospitaletan sendagile aritzea debekatu zitzaion eta honen ondorioz, adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasi zen. Ikasle hauen erantzuteko gaitasuna garatzeko asmoz eta behatzeko zuen ahalmenari esker, bere teoriaren oinarriak jartzen hasi zen.

1907an Erroman, Casa dei banbini bere eskola sortu zuen. Jarduera horri esker, bere lehen liburuak idazten eta mundu osoan bere teoriaren berri ematen eta garatzen ibili zen. Ameriketan, Ingalaterran, Indian eta Herbeheretan egonaldiak egin zituen. 1952an hil zen. 

Bere metodoaren ardatz nagusia "eskola berria" ren mugimenduaren barruan sartzen da. Haurraren garapenean zentratzen da, jaiotzetik bere lehenengo 6 urteak garrantzitsuenak direlarik. Kontuan izaten du haurraren garapena ez dela lineala eta honen maila desberdinak sentsibilitate ezberdinaz hornituak daudela.
Hurrengo faseak bereizten ditu haurraren garapenari dagokionez:
-Haurtzaro txikia (0-6 urte)
- Haurtzaro handia (6-12 urte)
- Nerabezaroa (12-18 urte)
- Heldutasun gaztea (18-24 urte)

Bere metodoa hurrengo printzipioetan oinarritzen da:

1.- Zentzumenen garapenaren printzipioa:  
Ideiak zentzumenetatik datozen bezala, adimena esku jardueratik dator.

2.- Ikaslearen jarduera libreko printzipioa:
Eskolan ezartzen den askatasun falta, isilpean eta geldirik egon beharra gogor kritikatzen du, hala nola, diziplina lortzeko ematen diren zigorrak eta sariak.

3.- Banakotasunaren printzipioa:
Haurra bere erritmoan uzten dugularik, ez du inoiz porrot egiten.

Gaur egun Montessoriren metodoak erabiltzen dituzten eskolak:

Eskola asko erabiltzen dute metodo hau gaur egun, bai titularitate pribatu zein publikokoak.

Hauen artean ezarri dituzten metodoak jarraitzen direla ziurtatzeko hainbat elkarte sortu dira. Elkarte hauek dituzten zereginen artean hauek daude: materiala banatu, irakasleak prestatu, irakasleen formatzaileei ziurtagiriak eman, jardunaldiak eta kongresuak antolatu, aldizkariak argitaratu, web orriak sarean paratu, gurasoei informazioa banatu eta metodoaren aplikapena ikertu Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.






domingo, 6 de noviembre de 2011

Jaio berrien erreflexuak

Jaio berriak garenean erreflexu automatiko batzuk garatzen ditugu instintiboki. Erreflexu hauek amaren umetokian gaudenean garatzen hasten dira eta jaio eta 6-12 hilabete gehiago irauten dute. Erreflexu hauek lehendabizikoak dira eta haurraren biziraupenarako agertzen dira.

Oso erreflexu garrantzitsuak dira lehen 6 hilabetetan, haurraren sistema motorea garatzen laguntzen dutelako, baina hortik aurrera desagertzen hasten dira. Horregatik, gehiago irauten badute nerbio-sistema ahularen seinale dela esan ohi dute eta hurrengoko erreflexu posturalen garapen aproposa zaildu egiten dute: oreka, ibiltzea, zuzenketa, eta abar.

Sei dira jaio berriak garatzen dituen erreflexu mota garrantzitsuenak:

- Xurgatze erreflexua: Amaren titia bilatzen dute eta titipunta xurgatzen hasten dira esnea jasotzeko.

- Heltze erreflexua: Eskuen artean zerbait nabaritzen dutenean, berehala atzamarran itxi eta hor dagoena hartzen dute gogor. Adibidez, amaren atzamarra.

- Moro erreflexua: Zerbait isutzen dituenean (soinu bat) besoak zabaltzen dituzte eta bat-batean berriro ixten dituzte gorputzaren gainean.

-Babinski erreflexua: Oin-zoletan marruskaduraren bat nabaritzen dutenean, behatzak abaniko baten moduan irekitzen dituzte.

- Martxa erreflexua: Haurrak zutik ipintzen duzunean eta gorputzatik helduta gainazal baten gainean, hankak mugitzen ditu ibiltzen egongo balitz bezala.

- Oinetako heltze erreflexua: Behatzetan ere eman ohi da heltze erreflexua. Hau da, behatzen azpian zerbait nabari ezkero, hauek ixten dituzte hor dagoena heltzeko.

Hau ikusita jaio berriak hain babesgabeak ez direla esan genezake. Dudarik gabe, norbaiten zaintza behar dute gero erreflexu hauek mugimendu motore automatikoak bihur daitezen, baina hasieratik erreflexu automatiko eta nahi gabeko hauek garatzen dituzte euren babesarako.


Bideo hau uzten dizuet non oso argi ikusten diren azaldutako jaio berrien erreflexu motak: